Iruñerriko gazte mugimendua martxan da. Hala erakutsi genuen Atarrabian egindako topaketetan, norberaren hausnarketatik abiatu eta era kolektiboan gazte mugimendu berria eratzeko jauzia eman genuen. Behar genuen. Behar genuen elkartu eta hausnartu, behar genituen gure identitateak zalantzan jarri, gure harremantzeko eredua eraldatzeko pausu txikiak ematen hasi; behar genuen orain arte errepikatutako moldeak eta jarrerak ezbaian jarri. Behar genuen Iruñerriko, eta zehatzago, gazteriaren egoera aztertu eta horri aurre egiteko tresnak diseinatzen hastea, denon artean elkarlanean. Eta tamainan erantzun genion erronkari. Horregatik diogu, argi eta garbi, zorionak Iruñerriko gazteria!
Edonola ere, oraindik lan guztia daukagu egiteke. Gerora handiak izanen diren ekarpen txikiekin, denborarekin eta pazientziakin joanen gara elikatzen Iruñerriko gazte mugimendu berria. Eta horretarako, lehenbizi, garena eta izanen garena definitzeko beharra ikusi zen Atarrabiako topaketetan. Norbanako anitzek eta eragile ezberdinek osatutako mugimendu zabala bagara, nola harremandu eta komunikatu gure artean? Zein esparrutan eragin? Nola agertu mugimendu gisa? Horiek eta beste hainbat galdera erantzun behar ditugu, oinez jarraitu ahal izateko. Eta horiei erantzuna emateko elkartuko gara larunbat honetan, azaroak 12, Zizurreko Esparru gaztetxean, 17:00tan.Anima zaitez!

























